Gasteizko hondartzako beloa

GHI – Gasteiz hiriko irratia

Arratsaldeon. Gaurko irratsaioan musika entzun eta entzuleen deiak antenara pasatuko ditugu. Gaurko egunkari batek lehenengo orrialdean zeukan argazkia izango da gaia. Argazkian belo eta guzti, burutik orkatiletaraino jantzita emakume bat agertzen zaigu Gamarrako igerilekuetan, uretan sartuta […] Gure alkatea, Maroto jauna, agertu egin da prentsa aurrean jokabide horiek gaitzesteko […] Badugu lehenengo deia:

–Nor zaitugu?

–Julen, Zaramagatik.

–Zein da zure iritzia Julen?

Hondartza batean lortutako argazkia. Argazkilariak neskaren baimenarekin lortu du argazkia? Auskalo. Via Wikimedia Commons. Nork: Giorgio Montersino from Milan, Italy (cool burkini) [CC-BY-SA-2.0 (http://creativecommons.org/licenses/by-sa/2.0)%5D

–Nor zaitugu?

–Julen, Zaramagatik.

–Zein da zure iritzia Julen?

–Alkatearekin bat nator. Gure arauak gustatzen ez bazaizkie badakite zer egin dezaketen: ez etorri. Ez etorri gure igerilekuetara. Ez etorri eta punto!

–Besterik?

–Ba ez! Ez etortzeko. Gu haien herrialdetara joaten bagara haien usadioak errespetatu behar… ba haiek hona etorriz gero, berdin! Berdin-berdin!

–Oso argi hitz egin duzu, Julen. Besterik?

–Ba ez. Hori besterik ez da. Kontu argia da berez: uretan sartu nahi badu: bainujantzia erosi. Arratsalde on!

–Arratsalde on Julen eta mila esker zure iritzia hona ekartzeagatik… Badugu beste dei bat; nor zaitugu?

–Ana, Aranbizkarratik.

–Esan ba, Ana, zein da zure iritzia?

–Ba beitu. Gu, duela hogei bat urte edo, Frantziako Landetara joan ginen oporretan. Kanpinean bazegoen igerileku eder bat. Guk emakumeok problemarik ez baina gizonak ezin ziren hemengo bainujantziekin bainatu. Debekatuta zegoen. Han, Frantzian, gizonek “kulero-nautikoa” erabili behar dute igerilekuan. Ezin dira kirol prakak, bermudak edo bi geruza dauzkaten bainujantziak erabili. Taldeko gizonak herrira joan eta “kulero-nautiko” bana erosi zuten… Zelako barreak bota genituen haien kontu, kar-kar-kar… baina ene senarrak ez, ene senarrak esan zuen berak ez zuela horrelako jantzi erridikulurik, erabiliko, horrelako kulero-nautikoa jantzi baino nahiago zuela kanpin nudista batera alde egitea… Kar-kar-kar… azkenean ez zen oporraldi osoan bainatu. Besteak azkar ohitu ziren, nonbait, eta senarra mutur-luze egon zen oporraldi osoan… Kar-kar-kar. Ez du berriro oporraldietan Frantziara joan nahi izan…

–Oso ondo, Ana. Orduan? Zein da zure iritzia? Zer pentsatu duzu emakume hori uretan sartuta?

–Bada nire senarra bezain inozoa dela. Emakume horrek bainujantzi sexy bat erosi beharko luke eta bere senar jeloskorrari, –mairuak oso jeloskor dira–, bere senar jeloskorrari motiboak eman beharko lizkioke jeloskor izateko.

–Ez dakit ulertzen zaitudan.

–Ba hori, utz ditzala bere lotsak alde batera, erre dezala beloa eta antigualeko jantzi erridikulu horiek eta jantz dadila hemengoak bezala. Hori egingo balu, laster ohituko litzateke. Bai bera eta baita bere senarra ere.

–Mila esker, Ana, zure iritzia gurekin partekatzeagatik… Sentitzen dut baina dei asko ditugu gaurkoan. Inoiz baino gehiago. Arratsalde on, Ana.

–Arratsalde on, bai.

–Badugu, zain, hortxe beste entzule bat… Kaixo, arratsalde on! Nor zaitugu?

–Pilar Arantzabelatik.

–Arratsalde on, Pilar. Bota ba!

–Ba hori, ba… Nik uste dut gehiegi puztu egin dela kontua. Emakume bat belo batekin igerilekuan eta badirudi Gamarra igerilekuak horrelako emakumez beterik dagoela… Gu askotan joaten gara igerilekura eta ikusi ditugu, bai, horrelako emakumeak beloz jantzita baina ez dira inoiz uretan sartzen. Arrazoi batengatik sartuko zen agian uretan, txirristatik jaitsi nahi ez zuen ume baten bila, agian, edo… Auskalo!

–Orduan? Zein da zure iritzia?

–Bada, alde batetik alkateak arrazoia du, guztiok igerilekuko arautegia errespetatu behar dugu… Baina, beste aldetik, uste dut alkateak oso oldarkor jokatu duela. Aprobetxatu du gertakizun bakar bat horrelako emakume guztiei, nolabait, egurra emateko. Ez zait gustatu nola esan duen “ez bazaie gustatzen arautegia, ez etortzea dute”, ez zait gustatu erabili duen doinu gogorra… Ematen zuen nahi zuela ez etortzea ez gure igerilekuetara ezta gure herrialdera ere. Oso oldarkorra iruditu zait doinua…

–Oso ondo Pilar, ulertu egin da zure ikuspegia zein den, mila esker, baina baditugu, gaurkoan, mila dei, inoiz baino gehiago… Arratsalde on, Pilar.

–Arratsalde on, bai…

–Kaixo, nor zaitugu!

–Mikel, hemendik, Berroztegietatik.

–Berroztegietatik? Bada orduan ez dituzu Gamarrako igerilekuak ezagutuko. Berroztegietan guztiok dituzue igerileku pribatuak txaletean, ezta? (Kar-kar-kar).

–Bai zera! Ni Berroztegieta-Langilekoa nauk! (Kar-kar-kar). Txaleta ezin erosi eta aitona-amonen etxe zahar berriztatuan bizi gara. Ez daukagu ez igerileku pribaturik ezta bainuontzirik ere. Dutxa bat eta ozta-ozta…

–Tira Mikel, zein da gaurko gaiari buruz zure iritzia. Ze iruditu zaizu gaurko El Correo-ko argazki hori eta alkatearen gaiari buruzko adierazpena…

–Ez dakit bada, horrelako txikikeriagatik alkatea prentsa aurrean agertzea adierazpen instituzionala, nolabait, egiteko… Ez dakit ba… Gehiegikeria iruditu zait. Badago kontu garrantzitsuagorik gure hirian eta alkateak ez du horri buruz ezer esaten, esate baterako: …

–Et, et, et! Ez dezagun gaia aldatu. Zuri zer iruditu zaizu argazki hori?

–Ba beitu, ba gauza bat esango dizut. Ez dakit nondik atera duten El Correo-koek argazki hori baina agian haiek salatu nahi duten arau hauste baino handiagoa egin dute argazki hori argitaratzen!

–Azaldu hori, Mikel, ez dut uste harrapatzen dudanik zer esan nahi duzun.

–Ba beitu. Ni Gamarrako igerilekuetan sorosle ibili nintzen eta nahikoa ondo ezagutzen dut arautegia. Udako txanda hasi baino lehenago nagusiek arautegiari buruzko hitzalditxoa botatzen ziguten langileoi… eta gogoratzen dut, ezin betearazteko modukoa iruditu zitzaidalako, debekatuta zegoela igerilekuan jendeari argazkiak ateratzea. Hobeto azalduko dut. Zuk egin ahal zenion argazkia lagun bati edo familiako bati, baina debekatuta zegoen bikini gorriko neska pertxentari telefonoa atera eta klik, argazkia ateratzea bere baimenik gabe. Horrelako argazkiak ateratzea debekatuta baldin bazegoen, egin kontu horrelako argazkiak interneten kargatzea eta erakustea edo are gehiago, horrelako argazki bat egunkari bateko lehen orrialdean argitaratzea…

______________________

Eta zuk? Zuk zer pentsatzen duzu kontuari buruz?

 

Advertisements

gorkaazk -ri buruz

Irakaslea-edo.
Post hau Antropologia, Argazkiak, Berdintasuna, Euskal Herria, Idazlana egiteko gaia, Iritzia, Psikologia, Sorkuntza atalean eta , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s