Euskaldunon jatorria (3)

Ikusita daukat gure familiaren zuhaitz genealogikoa egiten ahalegindu zen gure osabaren ahalegina.

Gure osaba batek, erretiratu zenean, gure familiako zuhaitz genealogikoa eraikitzen pasatu zituen orduak eta orduak, asteak, hilabeteak… Bera, bere semea (gure lehengusua) eta bere aita eta bere aitaita, gizonezko horiek guztiak, familiako premuak ziren eta agian horregatik bururatuko zitzaion osabari bere lehen deituraren historia Bizkaiko elizbarrutiko artxiboetan ikertzea.

Bere berraitonaren bataio-agiriaren kopiatik hasi, herenaitonaren gurasoen fitxa ikusi, horren gurasoak… Gure deitura horren XVI. mendeko aztarnarik zaharrenak topatzeraino heldu zen. Denborarekin ikusi zuen laupabost mendeetako zuhaitz genealogiko osoa egitea lan handiegia zela. 2, 4, 8, 16, 32, 64, … 1024, 2048, …   milaka fitxa, milaka abizen agertzen ziren Erdi Aroaraino hurbildu baino lehenago ere.

Gure arbasoak, 2, 4, 8, 16, 32… Belaunaldi gutxitan milioika arbaso izan ditugula pentsa genezake, baina aitzinean gaur egun baino biztanle gutxiago zeukan gure planetak.

Halako batean, lan eskergarekin larrituta edo, gure arbasoen zuhaitz genealogiko osatua egiteko egitasmoa alboratu zuen osabak eta familiako deitura bakar baten nondik-norakoak txukun-txukun apuntatzearekin konformatu zen. Topa zitzakeen beste deituren ehunka adar eta adabegiak bertan behera utzi zituen “ikertu” gabe.

Azkenean egindako esfortzuaren mailako aurkikuntza egin zuen osabak: XVI. mendeko gure arbaso batek, auskalo zergatik, bere aitaren deitura baztertu eta halako batean oraindik ere erabiltzen dugun deitura hautatu zuen. (Edo eskribau edo idazkari batek hautatu zion). Eta tamaina horretako aurkikuntza egin eta gero, hortxe gure osabaren zalantza: berak deskubritu zuen gure deituraren bertsiorik zaharrena berreskuratu beharko genuke familiako guztiok ala aldaketa arbitrario zahar harekin etsi eta azken mendeotan gurea suertatu den abizenarekin segitu?

[Zirikatzeko esan nion niri benetan kezkatzen ninduena zera zela, ea zein izango ote zen gure familia-deitura hori, aitona-aita-semea lerroa nagusi izan beharrean amama-ama-alaba lerrotik gordeko bagenitu familia deiturak. Amaren lerroa askoz seguruagoa izan zitekeela aldarrikatu nion].

Deiturei buruzko dokumentuak elizbarrutiko artxiboetan arakatuz gero eta XVI. menderaino edo Erdi Aroraino iritsiz gero, zenbat arbaso, zenbat adar gurutzatu, bereiztu eta gal daitezke dokumentu zaharrak galtzen diren legez! Milaka! Baina zenbait genetistek tasun bitxi bat topatzen omen dute kromosoma batean, euskaldunon berezitasun edo berezikeriaren bat, eta gure Paleolitikoko arbasoen migrazioen berri emateko gai omen dira. Itzela!

Irudigilea: John Shier, Public domain, via Wikimedia Commons

Advertisements

gorkaazk -ri buruz

Irakaslea-edo.
Post hau Antropologia, Etnografia, Euskal Herria, Historia atalean eta , , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s