Euskaldunon jatorria (2)

Gure DBH4ko testu-liburuan, lehen atalean, badago euskaldunon jatorriari buruzko testu labur pare bat. (“Nor gara euskaldunak?”. 21. orrialdean).

Gure iragana arakatzerakoan genomaren mapek etorkizun hurbil batean argi handia ekarriko dutela iradokitzen da. Hizkuntzalaritzak kudeatzen ez dakien hipotesiak genetikak froga ditzakeela iradokitzen da.

Genetikari buruzko testu gutxi irakurri ditut eta irakurri ditudanak edo txarto ulertu edo azkar ahaztu ditut (edota dena batera). Baina kromosoma batean topatutako markatzaile batek gure arbasoen nondik norakoak argi ditzakeela, orain arte, sinesteko oso zaila egin zait.

Genetistek tasun bitxi bat topatzen omen dute kromosoma batean, euskaldunon berezitasun edo berezikeriaren bat, eta gure Paleolitikoko arbasoek milaka urtetan egindako migrazioen berri emateko gai omen dira. Itzela!

Genetista horiek ez dira gorago aipatu ditudan sasi-hizkuntzalarien pareko izango? Oraingoz zalantzarekin geratzen naiz.

Aurreko egunetan gure Elhuyar aldizkarikoek ere kontuari buruz zerbait argitaratu dute, bai aldizkarian bai zientzia-dibulgazio irratsaioan ere:

Gehiago gustatu zait Ricardo Gómezen artikulua. Kontu horietan, dena kanpotik ikusita Ricardo Gómez bezala ni ere eszeptiko agertzeko arrazoiak ikusten ditut, ezer baino lehenago, dibulgazioa egiten hasi baino lehenago, esate baterako. Itzela da Ricardo Gómezek, Joseba Abaituari jarraiki bere esanetan, prentsa oharren izenburuen bildumatxoa. Kontraesanak izenburuetan, zein baino zein deigarriago…

Zer gara euskaldunok? Tasun genetiko bitxi-bitxiak dauzkan etnia bat? Euskaldunak ez ote ginen euskaraz egiten genuenok?

Gure kultura txiki honetan nola edo hala murgildu den edonor euskalduntzat hartzen dugu gaur egun beste garai batean kontu etniko eta arraza kontuak aipatzen baziren ere. Historiaurreari buruz gauza gutxi jakinda ere, duela milaka urte batzuk euskaraz egiten ez zela begi bistakoa da. Garai hartako hizkuntzak gaurko hizkuntzen bertsio zaharragoak izango ziren eta garai hartako pertsonak gure arbasoak izango ziren, bai, baina pertsona haiek genetikoki, bost mila urte atzerago eginez gero, gu bezalakoak izango ziren, genetika kontuetan bost mila urte denbora laburra da-eta, baina hizkuntza kontuetan bost mila urte bada zerbait eta historiaurreko hizkuntza haiek, gurearen parekoa izanda ere, ez genituzke ez euskaratik ez latinetik ulertuko. Ikasi egin beharko genituzke eta hizkuntza osatuak, garatuak topatuko genituzke egungo hizkuntzen pareko. Ez hizkuntza “primitiboak”.

Gaurko hizkuntza erromanikoetatik latinera dagoen jauzia, bikoiztu egingo litzateke atzera beste bi mila urte egingo bagenu. Munduko hizkuntza guztietan bilakaera etengabea gertatzen dela ikusi da, ez bada liburu sakratuak edo antzeko kontuek (literatura idatzia, kultura-erlijio erakundeak, eskola sistemak) ohiko prozesu natural horiek moteltzen dutela.

Hizkuntzak ikas daitezke, hizkuntzak alboratu daitezke, hizkuntzak nahas daitezke… Kontu horiek genetika transmisioekin paralelismoa izango balute, kasualitate hutsa. Kulturak, hizkuntzak eta geneak ez dira modu paraleloetan zertan transmititu.

Baina tira kontu hauek niretzat ur handitan igeri egitea da; irakurtzen eta ikasten segitu beharko.

DNA molekula luzea eta konplexua. Bere buruaren kopia egin, zelulen nukleoan. Bizitzaren muina. Argazkia nork: mstroeck via Wikimedia Commons [GFDL (www.gnu.org/copyleft/fdl.html) CC-BY-SA-3.0

gorkaazk -ri buruz

Irakaslea-edo.
Post hau Antropologia, Biologia, Euskal Herria, Historia, Iritzia, Zientzia atalean eta , , , , , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi iruzkina